2015/12/22

OLENTZEROREN BISITA ZARAGUETAN

OLENTZEROREN BISITA ZARAGUETAN Bisita berezia izan dugu gaur Zaraguetako haurrok. Urtero bezala Gabonetako oportxoak hartu aurretik Olentzero egon da gure eskolan. Etortzekoa zela bagenekienez eskutitzak prest genituen hari emateko, eta 9:45ak aldera leihotik begira jarri gara ea gure lagun kuttuna noiz azalduko (a zer nolako urduritasua !). Eta halako batean ikusi dugu!!! San Juan baselizako aldapatik behera jaitsi da irribarrez, besoak eta bastoia astinduz, gu agurtuz. Zer nolako nerbioak, algarak, barreak eta ilusioz betetako aurpegiak gure artean!!! Andereñoren bat edo beste ere emozioz malkotxoren bat bota du….hortik atera kontuak! Korrika batean bideo-gelara jaitsi eta bertan eseri gara Olentzero eskolara iritsi zain. Eta halako batean kax-kax-kax Olentzerok atea jo du . Han sartu da, beti bezain alai eta jator. Guk Gabonetako abestiak kantatu dizkiogu Eliren eskusoinuaren laguntzaz, eta bera ere animatu, eta gurekin abesten jardun da. Gelarako opari ederrak ekarri dizkigu eta agurtu baino lehen argazkiak elkarrekin atera, eta muxu bana eman diogu. Txikienetako bat beldurtu da Olentzeroren bizarrarekin, eta muxua datorren urterako utziko dutela adostu dute Olentzero eta biak. Orioko plazan ostegun arratsaldean berriz elkar ikustekotan geratu gara. Mari Domingi, Galtzagorriak, Lamiak, Mari, Basajaun, Basandere …eta hainbat lagunekin azalduko omen da!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina